XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) baina apaiza, antza, jakinaren gainean zegoen, pixaldiaren unerik hoberenean harrapatu baininduen, txorrua gelditzerik ez dagoenean, eta besotik ebatuz, gorputza aitonarengana biratzera behartu ninduen.

Orduan, nire txilibitu txirriaria atzamar profetikoaz seinalatzen zuen bitartean, apaizak orroe egin zuen:

- Ezagun du biloba duzula! Arrazaren txikitasuna baitauka ageri!

Hura igandea.

Pixerreka elizako eskaileretan amaitu nuen, izututa, aitona alkandoraren mahukak gora bildu eta apaizari muturrekotarako erronka luzatuz ikustean, zorionez, ordea, elizmutil eta koruko elizkumeek eragotzi zuten, apaizak sotana jasoz erantzun baitzion erronkari.

Hura igandea.

Taberna bateko pixatoki errespetagarrian barrenak arindu ostean, agureak goizari amaiera emateko erarik hoberena Asturiaseko etxera joatea zela erabaki zuen; igandeetan, lur maiteko fabe eta erbestaldi errepublikarreko cabrales gaztaz bereziki apaintzen baitziren.

Niretzat, cabrales gazta ore higuingarri eta kirastuna zen, aiton-amonenera beti Zer? Hil al da kabroia? galdera bera aurretik botata hurbiltzen ziren txapeldun agure horiek ez beste inork jaten ez zuena.

Arrozesnea ohore guztiaz jaten nuela, agureak atze handiagoko adierazpideak harekin zer esan nahi izan ote zuen pentsatu nuen, eta ziurrenik dardarak hartuko ninduen hitz haietan asmo eskatologikoak igarri nituenean, baina nire beldurrak desagertu egin ziren beste mahaikide batzuekin CNTren bandera gorri-beltzaz apainduriko areto handian sartzen ikusi nuenean.

Areto hartatik irteten ziren amonak arratsaldeetan irakurri ohi zizkidan Julio Verne, Emilio Salgari, Stevenson, Fenimore Cooperren liburuak.

Formato txikiko liburu batekin ateratzen ikusi nuen.